Sormen beka2 mob

- Irakurleek orain arte ezagutu ez duten Joseba Sarrionandia topatuko dute liburuan: mundua ulertzeko bere perspektiba pertsonala ematen du, saiakera mamitsu eta ausart baten bidez.

- Azokaren historia batzeko elkarrizketak egin eta lekukotzak jaso ditu Jesus Mari Arruabarrenak: Azokaren hastapenak ezagutu ahal izango ditugu, eboluzioa, bitxikeriak...

- Liburu bisuala eta erakargarria da. Txelu Angoitiaren argazkien bidez, bestelako Azoka ezagutuko du irakurleak: alde intimista, artistikoa...

50. urteurrena mugarri hartuta, Gerediaga elkarteak Durangoko Azokaren ibilbidea biltzen duen liburua aurkeztu du gaur, azaroak 24, Bilboko BBK aretoan. Liburuaren egileak Jesus Mari Arruabarrena, Joseba Sarrionandia eta Txelu Angoitia dira. Arruabarrena eta Angoitiagaz batera, honakoak elkartu dira prentsaurrekoan: Gerediaga elkarteko kudeatzaile Aitziber Atorrasagasti, BBK-ko Gizarte Ekintza arloko Ixone Zubieta eta Gerediaga elkarteko idazkari Asun Elorriaga.

Liburua Azokako egunetan erosi ahal izango da. Portadaren egilea Jose Luis Zumeta da, Azokako aurtengo kartela moldatuz. Liburua elebiduna da, 255 orrialde ditu, eta 20 euroko prezioan salduko da. Euskarazko parteak hartzen du nagusitasuna liburuko orri gehienetan, eta gaztelerazko bertsioa amaieran gehigarri modura erantsita dator.

Gerediaga elkarteak liburua kaleratu du Azokaren 50. urteurrena mugarri legez hartuta: azken 50 urteetako ibilbidea biltzeko, berau ezagutzera emateko eta hurrengo 50 urteetako historia idazten hasteko, etorkizunean ere begirada jarriz. Orain arte ez da horrelako bilketa-lanik egin Azokaren inguruan; 50 urte betetzeak horretarako aukera eman dio Gerediagari.

Liburua saiakera formatuan idatzita dago, baina irakurterraza eta dibulgatiboa da. Lan bisuala da eta maketazio aldetik erakargarria, zaindua: lasaitasunez irakurtzeko liburu bat da, gozatzekoa, eta, gordetzekoa. Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu bat biltzen duen lana da; euskal kultura eta Azoka bera barrutik ezagutzen eta ulertzen lagunduko duen liburua.

liburuaurkezpena

Liburuan hiru 'unibertso' batzen dira: Mundutik Azokara, Azokatik Mundura eta irudiak.

- Mundutik Azokara. Lehenengo unibertso horretan, Mundutik Azokarako hurbilketa egiten da: nazioartean eta Euskal Herrian 1965tik 2015era arteko gertakariak jasotzen dira (politika, ekonomia, kultura...), eta horiek denak Azokarekin lotzen dira. Hau da, Azokaren historiari testuingurua eta markoa jartzen zaio, oso perspektiba berezi batetik. Joseba Sarrionandia da egilea, eta egilea busti egiten da: bere ikuspegi pertsonala ematen du, gordinean, lehenengo pertsonan, gertutasunean. Saiakera ausarta da, beraz: irakurleak orain arte irakurri ez duen Sarri topatuko du. Fikziotik urrun, errealitatera jauzi eginez. Horrez gain, saiakera mamitsua ere bada: datu ugari biltzen ditu, bitxikeria ugari... Zer pentsatua emango duena.

- Azokatik Mundura. Bigarren unibertso honetan, Azokaren hastapena, aireratzea, egonkortzea eta modernizatzea jasotzen da. Jesus Mari Arruabarrenak Azokaren sorreran eta ibilbidean parte hartu zuten hamar lagun elkarrizketatu ditu, euren lekukotzak jasoz eta urte horietako giroa liburuan bilduz. Gaur egungo Azoka ulertzen lagunduko digun kontaketa, eta etorkizunekoa eraikitzen ere lagunduko duena.

- Hirugarren unibertsoan, irudia izango da nagusi. Txelu Angoitia da egilea, azken 15 urteetan Azokako argazkilari izandakoa. Azokaren ikuspegi artistikoa erakutsiko digu, eta kulturaren plaza beste begi batzuekin ikusteko aukera izango dugu. Gaur eguneko erretratuez gain, argazki historikoak ere bildu ditu (Azoka elizpean antolatzen zenekoa, merkatuan...) edizio guztietako kartelak eta abar. Gerediagako artxiboko argazkiez gain, Deiako artxibokoak ere agertzen dira. Transmititzen duten argazkiak dira, Azokaz kutsatzeko aproposak.

Liburu hau BBKren lankidetza bereziari esker kaleratu da.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn