Euskal Herriko sortzaileen balioa eta ekarpena aitortuko ditu 61. Durangoko Azokak
Durangoko Azokak euskal kulturaren aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko gonbita egingo die kulturzale berriei, eta kultura sortzeko erabiltzen diren tresnak izango ditu aurtengo iruditeriaren ardatz, Andoni Beristain artistak garatutako proposamen bisual berriarekin.
61. Durangoko Azokaren iruditeria aurkeztu dute gaur Durangoko Landako Gunean. Bertan, Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gainera, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere egon dira: Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, BBK, Eroski, Euskaltel, Konfekoop eta EITB.
Abenduaren 4tik 8ra egingo da 61. Durangoko Azoka. Hilabeteak daramatzate antolakuntzan abenduko bost egunak prestatzen, euskarazko eta Euskal Herriko kulturaren inguruan milaka lagun elkartzeko helburuarekin. Liburuak, diskoak, irudiak, hitzak, doinuak eta ideiak partekatzeko gunea izango da aurten ere azoka, baina, batez ere, kultura bizitzeko eta hartaz gozatzeko topagunea.
Iaz, 60. edizioaren harira, Durangoko Azokak bere izaera laburbiltzen duen izendapena hartu zuela gogorarazi du Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak: DA! Kulturaren Jaialdia. Aurten ere, lerroburu horri eutsiko dio. Azoka kulturaren jaialdia da, askotariko kultur adierazpideak eta diziplinak biltzen dituelako, sortzaileak eta hartzaileak harremanetan jartzen dituelako eta urtez urte euskarazko eta Euskal Herriko kulturaren sustatzaile izaten jarraitzen duelako.
Aurten, gainera, sorkuntzaren balioa eta sortzaileen lana nabarmendu nahi izan dituzte. Ideia horretatik abiatu da 61. edizioko iruditeria, kulturaren aniztasuna eta sorkuntzaren atzean dagoen lana irudikatzeko.
Sortzaileen lana aitortu eta kulturzale berriak erakartzeko deia
Sorkuntzaren aberastasuna ez dago soilik eskaintzen diren diziplina eta proposamenen aniztasunean; horien atzean dagoen lanean ere badago. “Sortzea ez da berezko bulkada hutsa: irudimena behar da, baina baita formakuntza, lana, arreta eta iraunkortasuna ere”, azaldu du Beñat Gaztelurrutiak. Horregatik, Durangoko Azokak sortzaileen ekarpena aitortu eta ikusgarri egin nahi du.
Gaztelurrutiak, era berean, euskal kulturara gerturatzen ari diren kulturzale berrien interesa azpimarratu du. “Durangoko Azokak norbere nortasun kulturala bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen die herritarrei. Azken boladan pozez ikusi ditugu euskarazko zenbait sortzaileren ekoizpen arrakastatsuak, euskal kulturara hurbiltzen ari diren kulturzale askoren arreta piztu dutenak”, adierazi du. “Nahi genuke piztutako jakin-minak bidea egiten jarraitzea. Euskal kultura bere osotasunean eta aniztasunean ezagutu nahi duten guztiek Durangon ateak zabalik aurkituko dituzte: etorri, sartu barruraino, arakatu, bilatu eta ezagutu zuena den mundu miragarri hau”.
Andoni Beristainen proposamen bisuala
Andoni Beristain diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu du Durangoko Azokaren 61. edizioko iruditeria. Proposamena bi ideiatatik abiatu da: euskal kulturaren aberastasunetik eta sorkuntza analogikoaren balioa aldarrikatzetik. Horretarako, kulturaren arlo desberdinetan erabiltzen diren objektuak jarri ditu irudien erdigunean, bodegoi desberdinen bidez diziplina eta sortzaile guztiei lekua egiteko. “Durangoko Azoka denena da, denontzat da, eta bertan daukagu eskuragarri guztia”, adierazi du. Beristainek azaldu duenez, objektuekin lan egitea gustuko du, kontzeptuak eta mezuak haien bidez kontatzeko aukera ematen diotelako.
Iruditerian ageri diren objektuek -irratiko mikrofonoa, margolarien paleta, kamera analogikoa, idazmakina, walkmana eta kasetea, besteak beste- kulturaren arlo desberdinen bilakaera erakusten dute. Beristainek azaldu duenez, “asmoa aspaldiko sorkuntza-moduak eta horretarako erabiltzen ziren tresnak aldarrikatzea izan da. Izan ere, teknologia berriak iritsi ahala tresna horietako asko desagertuko zirela uste izan zen, baina gaur egun ere bizirik diraute, eta batzuek indarrez berreskuratu dute beren lekua”.
Iruditeriaren koloreek eta testurek ere badute beren funtzioa: Andoni Beristainek “giro goxo eta gertukoa” sortu nahi izan du, etxeko moketaren antzeko atzealde baten bidez. Horrela, objektuak eta haien bidez helarazi nahi dituen mezuak modu hurbil eta bisualean aurkeztu nahi izan ditu.
Aurtengo proposamenak, beraz, Durangoko Azokaren aniztasuna erakusteaz gain, sorkuntzaren atzean dagoen giza-lana aldarrikatzen du.
Artistaren fitxa
Andoni Beristain diseinatzailea, argazkilaria eta arte zuzendaria da. Zumarragan jaioa, 18 urterekin Bartzelonara joan zen diseinu grafikoa ikastera. Ikasketetan argazkigintza deskubritu zuen, eta, pixkanaka, bere ibilbide profesionala eraikitzen joan zen. Bartzelonan arte zuzendari gisa lan egin zuen bi enpresetan eta sei urtez eskolak eman zituen unibertsitatean. Duela bost urte Donostiara etorri zen bizitzera, eta ordutik bere estudioan egiten du lan, argazkigintzan, diseinuan eta arte zuzendaritzan.
Bere lana koloretsua eta minimalista da, surrealismo-puntu batekin. Irudi xumeen bidez gogoeta eragitea du gustuko. Bere proiektu pertsonalen artean daude Pieza Redonda, gorputz ez-normatiboei buruzkoa; Pieza Rota, minbiziaren inguruko estigmari buruzkoa; eta Pieza Madre, amari agur esateko sortutako argazki-liburua. Esperientzia pertsonaletatik abiatuta, gai konplexuei begirada positiboz heltzea du helburu.
Euskal Herria, euskara eta hemen bizitako esperientziak bere sormenaren sustraitzat ditu. Horregatik, Durangoko Azokaren 61. edizioko iruditeria sortzea berezia izan da berarentzat, aspaldiko ametsa betetzea baitakar: hain maite duen herrialdeko proiektu bati bere begirada artistikoa eskaintzea.