Durangoko Azokak unitate didaktiko bat sortu du euskal kultura Euskal Herriko ikasgeletara eramateko

Ikastolen Elkartearen laguntzarekin eta elkarlanarekin sortutako unitate didaktikoa 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta, Durangoko Azoka abiapuntu hartuta, euskal kulturan murgiltzeko ibilbidea eskaintzen du. Zenbait jarduera LH 5. eta 6. mailetako ikasleekin ere lantzeko modukoak dira.

Durangoko Azokak unitate didaktiko bat sortu du euskal kultura Euskal Herriko ikasgeletara eramateko

Durangoko Azokak, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, 12 eta 17 urte bitarteko gazteekin ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoa prestatu du. Horretaz gain, proposamenetako zenbait jarduera LH 5. eta 6. mailetako ikasleekin ere lantzeko modukoak dira, taldearen ezaugarrietara eta aurretiazko ezagutzetara egokituta. Proposamena baliatuz, ikasleek Durangoko Azoka sakonago ezagutzeko eta euskal kulturan murgiltzeko aukera izango dute, jolasaren eta hausnarketaren bidez eta euren herriko edo inguruko testuingurutik abiatuta.

Unitate didaktikoak hiru fasetan antolatutako ibilbide malgua proposatzen du eta guztira hamar jarduera jasotzen ditu. Ez da beharrezkoa jarduera guztiak egitea: irakasleek eta ikasleek euren testuinguruaren eta interesen arabera diseinatu ahal izango dute ibilbidea, proposatutako jardueren artean hausnarketak eginez.

Lehen fasea, Girotzen eta berotzen izenekoa,  Durangoko Azoka hasi aurretik egingo da, eta azokaren unibertsoan murgiltzea eta ikasleen aurretiazko ezagutzak eta motibazioa piztea du helburu. Besteak beste, ikasleen kultur zaletasunak aztertzeko, Durangoko Azoka ezagutzeko eta euskal kulturan erreferente diren sortzaileak ikertzeko jarduerak proposatzen dira.

Bigarren faseak, Plazara! izenekoak, ekintzara igarotzeko proposamena egiten du, ikasleak Durangoko Azokara bertaratu edo ikastetxean bertan azokako giroa birsortuta. Hiru jarduera jasotzen ditu: Durangoko Azokaren Kultur Alfabetoa (DAKA), testu eta sormen-lanen inguruko jolas literarioak eta kultur ekoizpenen arteko loturak aurkitzea. Horien artean bi erronka egongo dira: batetik, PortaDA!, disko eta liburu azalekin argazkiak sortzeko; eta, bestetik, mikro-kontakizunak idazteko erronka.

Azkenik, Mamiari tiraka faseak azokaren ondoren emango dio jarraipena ikaste-esperientziari. Bi jarduera proposatzen dira, bizitakoaren inguruko sorkuntza eta hausnarketa partekatua lantzeko. Horien artean, ikastetxean euskal kulturaren erreferente aktibo bihurtzeko eta ikasle eta irakasleen arteko hausnarketa kritikoa sustatzeko jarduerak daude.

Euskal kulturarekiko atxikimendua lantzen

Proposamen didaktikoak euskararen eta euskal kulturaren arteko lotura kontzientea lantzea du helburu eta kulturaren ezagutza eta sentsibilizazioa sustatu nahi ditu ikasleen artean. Horretarako, jolasak, talde-lanak eta hausnarketak hartzen ditu oinarri, eta kulturaren lanketa ez du Euskara eta Literatura arlora mugatzen: curriculuma osatzen duten hainbat jakintza-arlotara zabaltzeko proposamena da.

Unitateak, gainera, Durangoko Azokan parte hartzen duten kultur eragileak eta haien lanak ezagutzeko aukera ematen du, baita ikasleen inguruan euskal kulturgintzan diharduten sortzaile eta taldeak ezagutzeko ere. Horrela, azoka abiapuntu hartuta, ikasleek kulturaren inguruko hausnarketa egitea eta eurek ere kulturari egin diezaioketen ekarpena proposatzea bilatzen da.

Durangoko Azokaren eta Ikastolen Elkartearen arteko elkarlanaren emaitza den proposamen didaktikoa Euskal Herriko hezkuntza-komunitatearen eskura jarri da, ikastetxe bakoitzak bere behar eta interesen arabera egokitu dezan.