Unibertso bisual oso bat aurkeztu dute aurtengo ediziorako

2025/10/16

Unibertso bisual oso bat aurkeztu dute aurtengo ediziorako

Aurten, Durangoko Azokak ez du kartel bakarra izango: “guztiak izango ditu”. Halaxe azaldu du Iratxe Reparaz aurtengo iruditegiaren egileak. Esplikatu duenez, azokak egindako eta egiteke duen ibilbidea oinarri hartuta garatu du aurtengo unibertso bisual berria. “Azoka ezin da irudi bakar batean laburbildu. 

Diseinua eskuz marraztutako “60” baten aurkikuntzatik sortu zen; zenbaki bat baino gehiago zen, ibilbide bat, mugimendu bat, egin dugun bidea eta oraindik egiteko duguna irudikatzen duena”. 

Ildo horretatik, kartel bakoitza euskal kultura bizitzeko modu bat da Reparazen ahotan: “Kolore biziak, diziplina anitzak eta forma irregularrak, azoka honen energia libre eta jaialdi giroa islatzen dutenak”. Izan ere, Durangoko Azoka ez da soilik feria bat: euskal kulturaren jaialdi handia da. Euskara ospatzen den lekua da, moldatzen dena, partekatzen dena. “Hizkuntza bera bezala, azoka ere mugimenduan dago, aldatzen da, eta forma berriak hartzen ditu. Horregatik ospatzen dugu infinitutasuna: kartel infinituak, etengabe berrasmatzen den kultura baterako”, argudiatu du.

 

Artistaren Fitxa 

Iratxe Reparaz, diziplina anitzeko arte zuzendaria da. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen EHUn, Arte Zuzendaritzako masterra egin zuen Bartzelonan eta gaur egun Diseinu Grafikoko prestakuntzan jarraitzen du Elisavan. Orain, Madrilen bizi da eta bertan irismen handia duten markentzat publizitate kanpainak garatzen ditu.

Horren ildotik, musika proiektuentzat ere lan egin du, ZETAK edo ETS taldeentzat, besteak beste. Batez ere kontzeptuak eta irudiak konektatzea interesatzen zaio: ideiek zentzua, emozioa eta ejekuzio argia izan dezaten.

Estilo propioa baino gehiago, unibertso bakoitzera egokitzea bilatzen du, beti ere ikuspegi sortzaile eta koherentearen bitartez.