Jakin 275 Herri bat nola josi
Zenbait egile
14€
- Argitaletxea: Jakin Fundazioa
- Kokapena azokan: Artekale 035
Deskripzioa
Lehen ere gertatu izan zaigu inoiz artikulu soltez osatzen
dugun zenbakiren batekin: bata bestearen ondoan bilduta,
ohartu gara badagoela denak elkarrizketan jartzen
dituen hari gidatzaile moduko bat. Oraingoan ere, bat
etortze hori ez da kasualitate hutsaren ondorio izan. Sarritan
azpimarratu dugu jakintza, pentsamendua eta eztabaida
mugimenduan eta elkarrizketan daudela gurean; horrelaxe
ari dira zenbaki honetako artikuluak ere, elkarrekin eta
elkarri hizketan. Izan ere: Euskal Herriaz aritzean, proiektuak
proiektu eta ametsak amets, bada eguneroko lana eta
eginahala eskatzen digun eginkizun besterenezina: herria
bera lotzea, jostea, kohesionatzea, Irantzu Pastorren azaleko
irudiak iradokitzen digunaren ildotik; hots, gutxieneko batasun
zantzuak eraikitzea, bai ekonomiaren, bai politikaren,
bai kulturaren eta, nola ez, baita hizkuntzaren alorrean ere.
Elena Casiriainen artikuluak Euskal Herriko elikadura antolaketari
mugaldeak sortzen dizkion zailtasun eta erronkez
dihardu. Izan ere, oztopoetatik harago, joskintzarako aukerak
ere eskaintzen ditu: «Mugaldea espazio interesgarria
izan daiteke agroekologiaren garapena eta elikadura burujabea
pentsatzeko. Euskal Herriaren eskala bideragarria da,
ekoizpen eta beharren artean oreka interesgarria eskaintzen
duelako, batez ere, baita ekoizpen aniztasun mailan ere».
Elena Casiriain 2025eko IkerGazte kongresuan saritua izan zen Giza
Zientzia eta Arteak arloan, eta sari horren baitan idatzi du artikulu hau.
Joan Mari Torrealdai bekaren bigarren edizioaren emaitzetako bat da
hurrengo artikulua. Bertan, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak hiru
hamarkadako ibilbidean izandako ibilbidea aztertu du Aitor Servierrek,
auzolanetik abiatuta Ipar Euskal Herritik herrigintzan ari den
komunitate bat sortzeko duen potentzial eraldatzailea azpimarratuz:
«Agian, hori da Ipar Euskal herrigintza modernoaren sorburua. Hutsune
partekatu bat. EHZ ez zen aurretik zegoen komunitate bati aterpea
emateko sortu. EHZk berak sortu zuen komunitatea». Joskintza
soziokulturalaren eredu ezin nabarmenagoa dugu begien aurrean.
Hirugarren artikuluan, feminismo materialistatik abiatuta erantzuten
die Maddi Alberdik nazio eta nazionalismoaren teoriak nazio eraikuntzari
buruz egiten dituen galdera nagusiei: nazioa nola egiten da? Nork
egiten du, eta zergatik? Ondorio argi batekin: nazionalismoa ezin da
despatriarkalizatu hura eraikitzen duten produkzio harreman patriarkalak
eraldatu gabe.
Euskal Herriko geografia sozial eta ekonomikoaren aldaketek euskaltzaleen
saretzean duten eraginak kezkatzen du Imanol Esnaola laugarren
artikuluan: «Euskal Herria polinuklear eta saretua nahiago
genuke euskaltzaleok, baina bilakaerak beste norabide batean garamatza.
Gai izango ote gara, nozitzera mugatu beharrean, gure neurrira
ekartzeko euskal geografiaren bilakaera?». Euskaltzaleok beharrezkoa
dugu, bide eraginkorrak urratzen asmatuko badugu, aurrean ditugun
plaza berrietan sortzen diren aukerak eta oztopoak identifikatzea.
Bosgarren eta azken artikuluan, Joxe Azurmendiren Gure klasizismo
txikia liburua du abiapuntu Jon Mentxakatorrek betiere belaunaldien
arteko elkarrizketan oinarrituko den tradizio humanista landuaren
eta herrikoiaz gogoeta egiteko: «Belaunaldi berriek beren bidea aurkitu
behar dute. Nola ez. Beharbada ezin dute aurrekoena oso-osoan
hartu. Baina belaunaldiartekotasunik gabe, elkarrizketa sakon eta sintesirik
gabe, kulturarik ez. Herririk ez».
Zenbakiari hasiera emanez, Oihane Zuberoa Garmendia idazle eta irakaslea
elkarrizketatu du Itziar Ugartek Jakin filosofatzen sailean, eta,
amaieran, Egunen gurpilean sailean, Jokin Bergara eta Yasmine Khris
aurtengo bi lankideen idatziak datoz.
Informazio gehiago
- Urtea: 2026
- ISBN: 0211/495X
- Sailkapena: Aldizkaria
Aldizkaria gehiago
#68 Arteka: Educación y lucha estudiantil 2026 Enero
Zenbait egile
6€
#68 Arteka: Hezkuntza eta ikasle borroka 2026 Urtarrila
Zenbait egile
6€
#69 Arteka: 3 de marzo, memoria de la lucha 2026 Febrero
Zenbait egile
6€
#69 Arteka: Martxoak 3, borrrokaren memoria 2026 Otsaila
Zenbait egile
6€
#70 Arteka: NATO, sarraski-makina inperialista 2026 Martxoa
Zenbait egile
6€