Jakin 271 Euskal kultura 2025
Zenbait egile
14€
- Argitaletxea: Jakin Fundazioa
- Kokapena azokan: Artekale 035
Deskripzioa
Urteroko azken zenbakian egin ohi dugunari eutsiz, urtean zehar kulturaren alorrean gertatutakoaren balantzearekin gatoz, kulturaz eta kultur gogoetez gainezka.
Arantza Santestebanek Édouard Glissanten pentsamendu dekoloniala hartu du abiapuntutzat egungo euskal kulturari begiratzeko, Bestearekin elkarrekin bizitzearen auzi korapilatsuari egiten dion ekarpenagatik: bestelakotasunarekin topo egitea ez da mehatxagarria den zerbait, sorkuntzarako espazio eta jario nagusietako bat baizik.
Lander Arretxeak baieztapen argi honekin ekin dio: «nekeza da ikus-entzunezkoaren eremuko langileen jarduna, eta are zailagoa euskaraz ari direnena». Eta, hala ere, urteak hainbat albiste pozgarri utzi ditu sektore honetan ere.
Esparru edo diziplina zehatzei buruzko artikuluen artean, artearen esparruari dagokionez, «arte instituzioetatik eskainitakoari begiratu eta, era berean, erabaki horiei kontraespazioetatik nola erantzun zaien erreparatu» dio Elena Olavek.
Alexander Gurrutxagak euskal literatur sistemaren zenbait gertakari iruzkindu ditu. Izan ere, gure sistemaren mugimenduek «bizia adierazten dute: eppur si muove, mugitu egiten da, pausoak ematen ditu, beti ez badakigu ere norantz».
Leire Lisonek, Euskal Herriaren burujabetza digitala jomugatzat hartuta, ideia hauxe du urtean zeharreko zenbait gertakari eta egitasmo iruzkintzearen abiapuntu: «Burujabetza digitala zeozer ez bada, tresna teknologiko soluzionista miragarria da. Hau da, burujabetza digitala ez da lortuko soilik sistema eragile libreak gure ordenagailuetan instalatuta. Komunitatean sortzen den prozesu eta harreman-sare osoa baizik».
Xalba Ramirezen iritziz, «Musikariak Palestinarekin egitasmoa da azken urte honetan izan den prozesu interesgarrienetakoa euskal musikagintzaren arloan». Gazaren genozidioaren ondorioz gertatu direnak musikariek gizarte, politika eta bestelako auzien aurrean egin dezaketenari buruz gogoetatzeko balio diote Ramirezi.
Galder Perezek euskal antzoki eta aretoetan taularatu diren antzezlanetik sorta eder bat hautatu du iruzkinetarako, sinesmen sendo bat oinarri hartuta: «Tamalez, salbuespen dira antzerkian gure herria ardatz duten edukiak. Gure errealitateak ere izan behar du nork antzeztu, nork ikusi, nork eman eta nork jaso. Gu ez bagara, ez da izango inor».
Maite Berriozabalek ertzetatik egiten den bertsolaritzaren balioa azpimarratu du, eta gorputza bertsolaritzan hartzen ari den indarra eta lekua zaio bereziki interesgarri: «Tradiziorik gabe ez geundeke hemen, baina ertzekorik gabe ez genuke nora joan jakingo».
Gaizka Izagirrek argi dauka: «Pozik eta harro egoteko moduan gaude. Aurtengo euskal ikus-entzunezkoen uzta oparoa eta maila bikainekoa izan da». Baina hona ifrentzua: euskarak oro har pantailetan duen presentzia eskasa. Izagirreren ustez: «Kontsumitzaile euskaldunon eskubideak betetzeko araudia behar da, bestela jai daukagu».
Urteko kulturgintzari buruzko artikulu grafikoak Joseba Larratxe Berazadi, Patxi Gallego, Mariñe Arbeo Astigarraga, Paula Estevez, Axpi, Dani Fano, Eider Eibar Zugazabeitia eta Exprairen eskuetatik etorri dira. Eta azaleko argazkiaz, dagoeneko ohikoa dugunez, Irantzu Pastor argazkilaria arduratu da.
Zenbakiaren atarian, Peru Galbete musikaria elkarrizketatu du Itziar Ugartek Jakin filosofatzen sailean, eta, amaieran, 2024ko euskal liburugintzaren gaineko azterketa osatu du Xabier Eizagirrek.
Informazio gehiago
- Urtea: 2026
- ISBN: 0211/495X
- Sailkapena: Aldizkaria
Aldizkaria gehiago
#68 Arteka: Educación y lucha estudiantil 2026 Enero
Zenbait egile
6€
#68 Arteka: Hezkuntza eta ikasle borroka 2026 Urtarrila
Zenbait egile
6€
#69 Arteka: 3 de marzo, memoria de la lucha 2026 Febrero
Zenbait egile
6€
#69 Arteka: Martxoak 3, borrrokaren memoria 2026 Otsaila
Zenbait egile
6€
#70 Arteka: NATO, sarraski-makina inperialista 2026 Martxoa
Zenbait egile
6€