Oier Guillan, Galder Perez- Ane Zabala, Eider Perez Miss Karaoke - 25 gau eta bat gehiago -Alamedako dantzaldia

Solasaldia

MISS KARAOKE sormen prozesu baten erraiak: EHAZEren argitalpen honetan ez duzue aurkituko antzerki naturalistaren ez logikarik ez manerarik. Aldiz, Oier Guillanen "Arra-Arraroa" (2010) eta "Mr. Señora" (2016) izenekoetan zeuden ideiak nahiz idazketa-estiloa antzemango dituzue. Ikuskizun honek hibridazio, identitate, auto-pertzepzioa, generoen auzia eta, halaber, antzezpenari buruzko gogoetak zentrifugatu zituen, betiere irudi poetiko, umoretsu eta kitsch-ak erabiliz. Liburuan "Miss Karaoke" antzezlanaren bi bertsio daude eskuragai: jatorrizko testua eta oholtzara eraman zena, sormen prozesuari buruzko kronika mamitsu batekin batera. EHAZEk testuok irakurtzeko eta gozatzeko proposamena egiten dizue, antzerki-osteak euskal antzerkiaren sisteman daukan tokiaren adierazle gisa. // 25 GAU ETA BAT GEHIAGO Gilkitxaro antzerki taldeak 25 urte: Liburu hau Galder Perez eta Ane Zabalak osatutako Gilkitxaro antzerki taldearen 25. urterrena ospatzeko sortu da. Liburuaren barruan bi atal topatuko ditu irakurleak, nagusiki: batetik, Euskal Herriko hamaika antzerkilarik partekatutako oroitzapenak, Gilkitxarorenik lotuta baina, era berean, euskal teatroaren garai oso bateko erretratua osatzen dutenak. Bestetik, taldearen hiru obretako gidoiak: "Honolulu, leku bat", "8 begi" eta "Adarretatik zintzilik". // ALAMEDAKO DANTZALDIA audiodramak, usoak, baltsak: Alamedako dantzaldia izeneko performancea gidatu zuen Sra. Polaroiska kolektiboak Eztena arte eszenikoen jaialdiaren barruan. Proiektu hura Errenteria herriaren 700. urteurreneko ospakizunekin lotuta egin zen. Sra. Polaroiska kolektiboa osatzen duten Maria Ibarretxek eta Alaitz Arenzanak elkarrizketak egin zizkieten herritarrei udan zehar, eta irailean Oier Zuñiga, Alizia Otxoa, Gaizka Chamizo eta Alazne Corral aktoreen laguntzarekin osatu zuten proiektua. Ez zen edonolako erronka izan: mundu mailako pandemia baten ondorioz ia debekatua geratu zen dantza egitea, gorputzak gorputzen pare izerditzea, eta testuinguru horretan dantzaldi bat gauzatzea zen erronka. Emaitza audio-pieza bat izan zen, eta jaialdiaren barruan egindako entzunaldi kolektiboa, askatasun keinu bat. Alamedako dantzaldia, oro har, esperimentu handi bat izan zen, eta bulkada horri berari jarraika beste urrats bat eman dugu aurtengo Eztenan: enkargua egin diogu Eider Perez ‘Adeletx’ aktore eta idazleari idatzizko sormen lan berri bat egin dezan, Sra. Polaroiskak egindako lana oinarri. Esku artean duzue emaitza.

Abenduak 4

19:30 - 20:00

Ahotsenea – Musika Eskola