Guneetara proposamenak aurkezteko epea ireki da, urriaren 29ra arte

2021/10/08

Guneetara proposamenak aurkezteko epea ireki da, urriaren 29ra arte

Durangoko Azokako egitarauaren parte izatea gustatuko litzaizuke? Aurtengo kulturaren plazan kontzertua eskaini, literatur solasaldian parte hartu, zure ikus-entzunezko lana aurkeztu edo tailerren bat eskaini gura zenuke?

Durangoko Azokak 56. edizioko egitarauan parte hartzeko epea ireki berri du, urriaren 8tik 29ra arte. Kultur sortzaileek Azokako guneetara aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak: Areto Nagusia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@ eta Saguganbara. Szenatokiko egitaraua itxita dago eta, beraz, ez da aukerarik egongo jada kultur proposamenak bidaltzeko.

Proposamenak helarazteko, Durangoko Azokako webgune honetan agertzen den galdetegia betetzea beharrezkoa izango da. Salbuespen bakarra Ahotsenea izango da (zuzenekoak eta literatur solasaldiak). Kasu horretan, www.ahotsenea.eus webgunean bete beharko da galdetegia, urriaren 8ko 9:00etatik aurrera, eta eskaerak iritsi ahala beteko dira tokiak.

Eta zer nolako proposamenak aurkeztu daitezke 56. Durangoko Azokarako?

Areto Nagusiaren kasuan, zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira, bai euskara hutsezkoak bai Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak ere.

Ahotsenean parte hartzeko irizpideak honakoak izango dira: 2021. urtean kaleratutako disko edo liburua izatea (poesia, narratiba, ipuin-nobela, antzerkia edota saiakera literarioa) eta euskaraz izatea.

Irudienean Euskal Herrian azken urtean euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak proiektatu ahal izango dira: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, aurkezpenak...

Kabi@ gunea digitalaren plaza izango da beste urte batez, eta teknologia berriekin lotutako aurkezpenak egingo dira: hitzaldiak, jokoak, tailerrak...

Saguganbaran haur eta gazteei begirako aurkezpenak antolatuko dira: ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak...

Azokako antolakuntzak zehaztu duenez, proposamena egiteak ez du esan nahi egitarauan lekua ziurtatua izango denik. Jasotako proposamen guztiak aztertu eta guneetako kudeatzaileek erabakiko dituzte egitarauaren nondik norakoak.

Lehentasuna izango dute euskara hutsezko lanek, urte barruan argitaratutakoek eta azokan salgai daudenek.

Zalantzarik izatekotan, gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora mezua bidal daiteke.