2025/09/01
Abenduaren 5etik 8ra bitartean garatuko da Durangoko Azokaren 60. edizioa, eta bertan erakusmahaia ipintzeko izen-ematea martxan da, irailaren 30era bitartean. Parte hartzeko interesa duten erakusleek (argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile zein autoekoizleek) webgune honetako ERAKUSKETARIA atalean egin beharko dute eskaria. Gainera, behin erregistratuta, azokako araudia, izen-emate epeak, maiz egiten diren galderak eta tarifen informazio osoa eskuragarri izango dute partaideek.
Ohi denez, aurrerago beste zenbait inskripzio ipiniko dira martxan; besteak beste, egitaraurako proposamenak egiteko eta ikasle goizean parte hartzeko. Aurrerago emango da horren inguruko informazio zehatza.
60. aldia izango da azokarentzat eta, urtemuga bezala, edizio borobila izateko lanean hasita dago Gerediaga elkarteko lan-taldea. Landako Gunean urteko sortzaileen nobedadeak ikusgai izango dira, eta horiek jendaurrean aurkezteko ekitaldi ugari ere antolatuko dira gunez gune. Izan ere, azokatik haragoko ekitaldi anitza izango da beste behin.
Abenduaren 5etik 8ra, kulturaz gozatzeko elkargune izango da Durangoko Azoka.