Arantzazu santutegi bat baino askoz ere gehiago da… Arantzazun otoitza, ebanjelizazioa eta kultura beti joan dira elkarren eskutik helduta. Frantziskotarrek inkulturazio lan handia egin dute eliza arloko ekintzak euskaldunduz eta kultur arloan aktiboki parte hartuz. Euskal literaturaren tradizioa etengabe mantendu dute eta ikerlari, idazle eta olerkari ugari nabarmendu dira bertan: Bitoriano Gandiaga, Ignacio Omaetxebarria, Salbatore Mitxelena, Luis Villasante, Julian Alustiza, Jose Luis Zurutuza, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti, Iñaki Beristain eta abar luze bat.

Alde honetatik hainbeste urtetan jarraian Durangoko Azokan izatea guretzat konpromiso garrantzitsua izan da. Beraz aurten ere, urte honetako berrikuntzekin batera, Azokara datozenek autore hauen guztien lanak aurkitu ahal izango dituzte Arantzazu Edizio Frantziskotarren Standean.

Urterik urte gehien eskatzen diguten berrikuntza “Arantzazuko Andre Mariaren Egutegia” da. Aita Garatek sortu zuen 1947an eta jendeak “Arantzazuko takoa” izenez ezagutzen du. Arantzazuk eta frantziskotarrek euskal kulturarekin erakutsitako konpromisoaren adierazle eder eta herrikoia dugu egutegi hau. 71 urtetan zehar argitaratu da, inolako etenik gabe, eta denbora tarte horretan goizero eskaini dio euskal irakurleari euskarazko bere “gosari” txikia.

Artea maite dutenek aurten hiru liburu hauek aurki ditzakete: “Homenaje a Lucio Muñoz” (Lucio Muñozi omenaldia), izenburuak berak adierazten duen moduan, absidearen murala egin zenetik 50 urte bere zirela-eta Arantzazun margolariari egin zitzaion omenaldia jasotzen du. Edorta Kortadik eta Xabier Egañak, modu xume eta pedagokikoan, “Aprender a ver el arte” (Artea ikusten ikasi) liburuan, artelanen iruzkinaren bidez, artearen historia modernoaren oinarrizko lerroak ikustera gonbidatzen gaituzte: inpresionismoa, postinpresionismoa, puntillismoa, sinbolismoa, fauvismoa, futurismoa, cubismoa, abstrakzioa, etab. “Arantzazu arte lantegia – El taller de Arantzazu” liburuak Arantzazuko Basilika berriaren eraikuntza eta dekorazio garaia azaltzen digu. Sasoi hartan, Jorge Oteizaren itzalpean, frantziskotar artista batzuek beren adierazpen artistikoa garatzeko lengoaia propioa asmatu zuten Arantzazuko arte lantegian. Beraietako lau dira aipagarrienak: Xabier Alvarez de Eulate, Jose Luis Iriondo, Juan Arriola eta Xabier Egaña.

Xabier Etxeberria Mauleon Deustuko Unibertsitateko etika irakasleak, “Pequeña ética de convivencia” (Elkarbizitzarako etika txikia) liburuan gizarte-elkarbizitzaren oinarrizkoena ikutzen lagun diezaguketen zertzelada batzuk eskaintzen dizkigu. Xabierrek argitasunez hausnartzen du orrialde hauetan eta hausnarrarazi egiten du. Ez du teorizatzen eta bizitzaren arlo praktikora iristen daki elkar-bizitza bide berriak proposatzeko.

Iñaki Beristainek, ebanjelizazioan egiten diharduen lan handiari eta Liturgiarekin duen konpromisoari jarraipena emanez “Igandetik igandera. Liturgi lagungarriak. A urtea.” liburua dakarkigu, iganderoko Eukaristiarako lagungarriak eskaintzen dituena. Meza-emailearen oharpenak, irakurgaietarako oharpenak eta Jainko-Herriaren otoitzak biltzen ditu.

Aurtengo azken berrikuntza “Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolaria” liburua da, Xabier Euzkitzek, Iñaki Beristainek eta Eduardo Urartek idatzia. Ez dago asko esan beharrik. Izenburuak berak erakusten digu Arantzazuko anaia frantziskotar honen bizitzako hainbat pasartetan zehar egindako bidaia jasotzen duela liburuak. Arantzazuko frantziskotarra, pertsona handia, artzain ona eta plazagizona…

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn