beste zerbait
Sarriugarte, Danele
Argitaletxea: consonni
Kokapena azokan: Barrenkale 011, 012
18.9 €
Urtea: 2025
ISBN: 978-84-19490-55-1
Bilduma: Munduaren sorlekua
Euskarria: Liburua
Deskripzioa
Nobela kuir eta mutante bat, desira eta hizkuntza ardatz dituen erresistentzia ariketa literarioa; bihotzean sartzen den liburu bat, azalean erretzen duena beste zerbait ez da ohiko nobela: nobela mutantea da, gorputza eta hizkuntza aldatzen saiatzen dena, desira kuir baten itsasargi. Protagonista mutazio-gosez eta desiraz desplazatuta bizi da, eta hala idazten du; bizipen afektiboak, heziketa-esperientziak eta irakurketa feministak kiribilka doaz, hainbat ahots, forma eta tonuren bidez adierazita. Testuak lekukotasuna, hausnarketa kritikoa eta eszena narratibo gordinak tartekatzen ditu; espazio zartatu batetik idatzita dago: zakarra, sutsua, batzuetan hauskorra eta beste batzuetan amorruz betea.
Ez da nobela kuirra edukiaren aldetik bakarrik, narrazioaren dispositiboa bera da disidentea, eta euskara ez-bitarrean idatzita dago, desira eta plazeretik abiatuta. Danele Sarriugarteren hizkuntza erabilera mutantea da, gorputz aldakor baten modura, malgua eta bortitza, eta bikain islatzen ditu pertsonaia eraldakor baten ibilbideak.
beste zerbait da heteroheziketek utzitako zaurietatik abiatuta harreman logika berrien bila egindako bidea. Genealogia kuirrak eta nortasun txirikordatuak ditu oinarri, eta literatura bera bihurtzen da mutazio- eta erresistentzia-ariketa. Liburu katartikoa, bai kontatzen duenagatik, bai kontatzen duen moduagatik. Liburu premiazkoa, bihotzean sartu eta azalean erretzen duena. Beste zerbait eraikitzeko, beste norbait izateko.
«Unibertso danelesarriugartetarraren oihartzunez josita dator nobela mutantea: begirada eta kokapen grotesko berezia; puzzle-erako narratiba eraginkorra; kolpe sinbolikoak, bulkadak eta sabeleko minak; eta digresio literario adarkatu bezain mamituak. (Literatura-)harremanen zentzu komunez beste egitera dator, zentzu berrien bila, zirikatze-gosez». —Iratxe Retolaza, literatur eragilea
«Sharon Van Etten-en Come Back kid-en gisara itzuli zaigu Danele Sarriugarte, barkamenik eskatu gabe, atea ostikoz ireki eta I’m back bitches esanez. Eleberri mutante bat: anestetikoaren kontrako estetikaz, zapalkuntzen kontrako formaz, eta minak iraultzeko edukiz. Bai, itzuli da, eta nola». —Ibai Atutxa, kultur teorialaria eta idazlea
«Danele Sarriugartek giharra dauka luman, eta zerbait esateko idazten du beti». —Uxue Alberdi, idazlea eta bertsolaria





