Dendako bilatzaile aurreratua

Pause

Zeberio, Xabier

Diskoetxea: Forbidden Colours

20 €


Urtea: 2023
Euskarria: Biniloa
Deskripzioa
Intimista, pausatua eta barea, sakona eta era berean lebitatzailea, emozioen ertzak kilimatu eta leuntzen dituen lan biribila da Pause. Atmosferak sortzen dituzten diskoez ari garenean (soinu bandekin gertatu ohi da sarri), amaitu gabe dagoen alboko melodiaren susmoa piztu ohi zaigu usu: aditz laguntzailea besterik ez ote da musika? Kasu bakan batzuetan, aldiz, delako atmosfera hori urrundu egiten da atrezzo soiletik eta gure arretaren erdigunean ipintzen da: lanbroz ehundutako animo egoera horiek inguratu eta gatibatu egiten gaituzte oharkabean, eta jada ez dugu giro horretatik irten nahi. Horixe da Xabier Zeberioren lan honen kasua; goiz-albako esnatze baten lurruna, penarik gabeko malenkonia, aireportu mortuko denbora esekia. Datorren egunari aurre egin edo joandakoari buruz hausnartzeko tenorea dakarten doinuak. Trikimailurik gabeko zirrara. Aitor Etxebarriaren lemak behelainoz bildutako bibrazioa eman dio ontziari. Iñar Sastreren pianoak seinalatu eta askatu egin ditu kostaldeko paisajearen korapiloak.

Liam Ò Maonlaíren ahotsak alegietakoa dirudien kantu eternala oparitu digu, edozein Ulisesek porturatzean entzun nahiko lukeen aire hunkigarria. Zeberioren nyckelharpak eta biolinak hustuketa oteizarra egin diote kasik Alos Quartet-ekin egindako lanari.

Zer pentsa ematen du “nordiko” adjektiboak gure artean azken urteotan egin duen bide arrakastatsuak. Baina ulertzen ote dugu benetan “nordiko” hitzaren esanahia? Gardentasun kalbinista, minimalismo soila, erabilgarria bada ederra dela, apaingarriei uko egin behar zaiela... Irudiz gainezkatutako gure kultura katolikoaren kontrakoa den oro, alegia. Bolumenei begiratu beharrean espazio hutsei erreparatu eta hutsuneak habitagarri eta isiluneak pentsagarri bihurtzea bada nordiko izatea, esan liteke baietz, Xabier Zeberioren honek fiordoan egin duela bere pausaldiko habia. Habiarik gabe ez baitago abiatzerik. Eta zenbat eta goxoagoa habia, orduan eta adierazgarriagoa hegaldia.

Antzeko produktua