Dendako bilatzaile aurreratua

Segurtasun eza

Argazki bat behelainoan / Argazki bat behelainoan

Diskoetxea: Bonberenea Ekintzak

20 €


Urtea: 2023
Euskarria: Biniloa
Deskripzioa
ARGAZKI. Ustezko segurtasuna da, harrapatu orduko alde egin duen unea. Ehizaki iheskorra. Argazki bilduma batekin aldera daiteke album honek biltzen duen musika, baso zingiratsuak gordetzen duen poetika. Post-rock eremu zabaletan dabiltza doinuok, askotariko giro, gordeleku eta zirrikituetan barrena. 2005ean abiatu zen egitasmoa: hasieran argazki argitsu eta akustikoak zirenak (DIY moduan plazaratuak), ontze prozesuan ilundu eta distortsionatu dira, album honetan sartu eta argitara ateratzeko unea heldu zaien arte.BAT. Anizkoitza da, bere bakartasunean, egitasmo honen sorburua: Arkaitz Artola Arnaiz. Behinola Adikune taldean aritua, hura da proiektu honetako hari gidaria; kantugilea, hitzen idazlea eta kantaria. Haren eskuek jotzen dituzte, halaber, baxu eta gitarra riff segida errepikariak. Doinu atmosferikoak dira, hitzekin edo hitzik gabe, giro aldakorrak garatzen dituztenak. Bilatzaile asegaitzaren antzera, aurkitu duen horren bila segitzen du Artolak. Bide luzean, zenbait bidaide batu zaizkio: Zuriñe Sarasola teklatuetan, besteak beste. 2022an, Iker Vazquez (Blaka, Pelax) eta bere bateriaren laguntzaz, hainbat urtez ondutako doinuen ertzak borobildu zituzten.
BEHELAINOAN. Zer ezkutatzen duen ez du ikusten uzten laino itsuak, behe lainoak. Orduan has daiteke entzulea bere ezkutukoa aditzen. 2023ko martxotik apirilera, Karlos Osinagaren gidaritzapean, Bonberenean grabatu eta nahastu da estudioko lehen lan luzea: Segurtasun eza. Masterizazioa Jonan Ordorikak egin du, eta Bonberenea Ekintzak-en eskutik aterako da argitara urriaren 5ean. Garatzen, errebelatzen ari den antzinako argazkiaren gisara, norberak elikatu beharreko zuriune harraparia da irudi bizi hau: Argazki Bat Behelainoan.

Antzeko produktua