Sopela eta Azkoitiko bi ikastetxek irabazi dute "portaDA!" erronka

2021/12/03

Sopela eta Azkoitiko bi ikastetxek irabazi dute "portaDA!" erronka

Euskal Herri osoko ikasleek parte hartu dute Durangoko Azokak antolatutako "portaDA!" lehiaketan, Ikasle Goizaren testuinguruan antolatutakoa.

Aurten, osasun-egoerak baldintzatuta, Durangoko Azokak ezin izan du urtero bezala aurrez aurreko Ikasle Goiza antolatu. Horren ordez, "portaDA!" lehiaketa antolatu du kulturaren plazak. Euskal Herriko ikastetxeek erronka bati aurre egin behar izan diote: euskarazko liburu edo disko baten portadarekin sormen lan bat egin behar izan dute, portada eta elementu fisikoak tartekatuz.

 

Bada, Azokak jarritako erronkari heldu diote Euskal Herriko ikastetxe ugarik. Proposamenak heldu dira Euskal Herri osotik: Lekeitio, Zumarraga, Tutera, Kanbo, Gasteiz, Zornotza, Bilbo, Larzabale, Aramaio, Plentzia, Lezo, Ugao, Lekunberri, Gernika, Goizueta...

 

Durangoko Azokak jasotako lan guztien maila ona nabarmendu nahi du, oso proposamen sortzaileak heldu direlako. Irabazleak honakoak izan dira:

 

Lehen Hezkuntzari dagokionez, Sopelako Ander Deuna Ikastolako "Aitaren etxea" lana, Karmele Jaioren liburua erabilita.

 

DBH-Batxilergoko kategorian, bere aldetik, Azkoitia BHI ikastetxeko "Piztiaren begiak" lana, Alberto Ladron Arana egilearena.

 

Sari moduan, LHren kasuan, "Iratxoen kantu sekretuak" ikuskizuna izango dute ikastolan, IƱigito Txapelpunk-en parte-hartzeagaz. Azkoitia BHI ikastetxearen kasuan, ostera, Huntza taldearen egokitutako kontzertua izango dute.

 

Eskerrik asko denoi parte hartzeagatik! Zuen sormenari esker Durangoko Azoka ere baDA!