Euskal kulturaren aberastasuna eta aniztasuna erakutsiko ditu 61. Durangoko Azokak, 1.098 nobedade eta 311 ekitaldirekin

Abenduaren 4tik 8ra, euskal kulturaren aniztasunean murgiltzeko eta eskaintza ezagutzeko gonbita egingo du Durangoko Azokak, 174 partaide eta 286 erakusmahairekin.

Euskal kulturaren aberastasuna eta aniztasuna erakutsiko ditu  61. Durangoko Azokak, 1.098 nobedade eta 311 ekitaldirekin

61. Durangoko Azokaren egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur, Durangoko Musika Eskolan. Bertan izan dira egitarauaren antolaketan lanean ari diren guneetako arduradunak: Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Andoni Urzelai (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara) eta Maider Larrañaga (Szenatokia). Horiez gain, Azoka Telebistako Aitor Agiriano eta Zu Non Han DA! egitasmoaren koordinatzaile Amaia Egidazu ere izan dira aurkezpenean. Guztien artean, 61. edizioko egitarauaren xehetasunak eta gunez gune izango diren proposamenak azaldu dituzte.

61.Durangoko Azokaren prestaketak azken txanpan sartu dira. Hilabeteetako lanaren ostean, egitaraua osatuta dago, erakusmahaien antolaketa aurreratuta, eta dena prest dago abenduaren 4tik 8ra euskal kulturaren nobedadeak eta proposamenak hartzeko. Urtero bezala, ilusioa eta gogoa nagusi dira Azokaren atarian, kulturzaleei beste edizio batez gozatzeko aukera eskaintzeko.

Aurten ere, Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia izango da, euskarazko sorkuntza sustatu eta erakusteko topagunea. Horregatik, sortzaileei eta haien lanari eman nahi zaie protagonismoa. Sorkuntza-lanek askotariko estiloak eta gaiak biltzen dituzte, euskal kulturaren bizitasunaren erakusgarri. Euskal kultura etengabe ari da garai berrietara egokitzen, adierazpide eta joera berriak bereganatzen, herritarren nortasun kulturala bizitzeko eta garatzeko tresnak eskainiz.

“Sortzaileen ekarpenari esker, egitarau anitza eta aberatsa izango dugu aurtengo Durangoko Azokan. Horregatik, jaialdi honetan murgiltzeko eta arakatzeko deia egin nahi diegu herritar guztiei, bai ohiko bisitariei, bai kulturazale berriei. Izan ere, Durangoko Azoka ezagutzen duguna eta askoz gehiago da”, adierazi du Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak. Herritarrei egitaraua ezagutzera eta eskaintza zabalean barrena ibiltzera gonbita egin die, Azoka euskal kulturaren askotariko adierazpideak ezagutzeko aukera ere badelako.

Aurtengo edizioaren datuei dagokienez, Landako Gunea erakusmahaiz beteta egongo da berriro ere. Guztira, 174 partaide etorriko dira, eta 286 erakusmahai atonduko dituzte. Bertan, 2026an argitaratutako 1.098 kultur nobedade izango dira eskuragarri: 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen, hala nola jolasak, laminak eta papertegiko produktuak.

Kulturaren balioetan sinetsita, gainerako eragileekin eskuz esku jarduteko prest dago Durangoko Azoka. “Horrelaxe osatu dugu egitarau eder bat. Guztira, 311 ekitaldi programatu ditugu”, azaldu du Gaztelurrutiak.

Iaz hasitako bideari jarraituz, iluntze eta gauetako ikuskizun bereziak izango dira aurten ere. Hala, Azokako ateak itxi ondoren ere egitarauak jarraipena izango du. Gaueko kontzertuei dagokienez, abenduaren 4an Beire eta Txopet taldeak arituko dira; 5ean, Mikosis eta TOC; 6an, Peiremans; eta 7an, Musika Berria jaialdia izango da, Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeekin.

Kontzertuez gain, beste hainbat ikuskizun ere izango dira iluntzean. Abenduaren 5ean, Izanen GA! errezitaldia eta Gabriel Aresti Mug(H)arri pieza eszenikoa izango dira; 6an, Oraingoz izen gabe filma eskainiko da, estreinaldiaren 40. urteurrenaren harira; eta 7an, Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetiko musikatua izango da. Horrez gain, iazko Sormen Bekaren irabazleen lana ere aurkeztuko da Durangoko Azokan: Esperantza zoro batez komikia abenduaren 5ean ezagutuko dugu, Talaia gunean.

Egitarauaren xehetasunak

Egitarau osoa, durangokoazoka.eus webean kontsultatu ahalko dute zaleek. Webgunean argitaratutako egitaraua izango da azken bertsioa, eta bertan eguneratuko dira egon daitezkeen aldaketak. Hauek dira zenbait xehetasun:

  • Talaia: gogoetarako eta solasaldietarako plaza izango da, eta aurten 58 aurkezpen eta mahai-inguru bilduko ditu. Besteak beste,  idazle euskaldunak, galiziarrak eta katalanak batuko dituen errezitaldi eta mahainguru bana nabarmendu daitezke; Bonbereneak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei eskainitako diskoa aurkeztuko du; eta Labayruk Bitoriano Gandiagaren lanari buruzko mahai-ingurua egingo du, haren heriotzaren 25. urteurrenean. Euskal Wikipediaren 25. urteurrena ere izango da hizpide, wikilarien elkarteak etorkizuneko erronkak aztertuko baititu.

  • Berbagailua: bideopodcasten gunea izango da aurten ere, Madalenako ermitan kokatuta. Bereziki aipatzekoa da une honetan podcastak ekoizten ari diren gazteen presentzia. Besteak beste, Edukiontziak, Plaz! eta Peryferykak izango dute lekua Berbagailuan. Horrez gain, EITBrekin eta Hiru Damatxorekin batera zabaltzen dugun baDA!bil podcastaren azken atala ere bertan grabatuko da.

  • Atartea: arte ederrei eskainitako gunea izango da, Durangoko Museoan kokatua. Aurten, Euskal Herriko sei ilustratzaileren lanak bilduko dituen erakusketa izango da ikusgai, azokako nobedadeetarako sortutako ilustrazioak eta bestelako lanak erakusteko. Irudigileen elkarteak sustatuta, hainbat ilustratzaileren aurkezpenak ere egongo dira. Horrez gain, Txelu Angoitiaren Begirada: Azoka argazkitan erakusketa ere egongo da, azken 25 urteetan Durangoko Azokan ateratako argazkiekin osatua.

  • Ahotsenea: euskarazko sortzaileen topagunea izango da aurten ere, eta literaturaren zein musikaren bidez sortzaileen lana eta euskal kulturaren aniztasuna gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du. Bost egunetan, 62 liburu eta 43 disko aurkezpen egingo dira, eta askotariko genero, estilo eta ahotsak entzuteko aukera izango da. Aurkezpenen erdietan baino gehiagotan, gainera, gutxienez emakume batek hartuko du parte. Musikari dagokienez, bereziki nabarmendu dute eskaintzaren aniztasuna eta proposamen berriak ezagutzeko gonbita: entzuleak ohiko erreferentzietatik harago joan eta ahots berriak ezagutzera animatu dituzte. 

  • Irudienea: euskaraz ekoitzitako ikus-entzunezkoen plaza izango da, eta aurten 47 lan eskainiko dira Zugaza zineman, film luzeak, dokumentalak eta film laburrak tartean. Askotariko gai eta estiloak bilduko ditu egitarauak; besteak beste, Gatibu eta Gozategi taldeen inguruko dokumentalak, Lehen Aldiz telesaila, Iñurri Itsuak filma eta BERRIAren Denboraren joanean irauten lana. Film laburrek ere protagonismo berezia izango dute, guztira 15 lan eskainiko baitira. Urtero bezala, emanaldi gehienetan sortzaileek eurek aurkeztuko dituzte lanak, eta haur, gazte zein helduentzako proposamenak izango dira. 

  • Kabia: teknologiaren eraldaketak gure bizitzan, gizartean eta hizkuntzan dituen ondorioak aztertzeko gunea izango da. Hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, esperientzia interaktiboak eta bestelako proposamenak bilduko ditu, adimen artifiziala, euskararen presentzia ingurune digitalean eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak ardatz hartuta. Besteak beste, Sustaturen 25. urteurrena ospatuko da, eta Game Erauntsiak eta Rolariak-ek bideojokoen gunea antolatuko dute. Abenduaren 8an, familientzako eguna izango da, elektronikarekin lotutako tailerrak eta bestelako jarduerak tarteko.

  • Saguganbara: haur eta gaztetxoentzako gunea izango da, eta aurkezpenak, ipuin-kontaketak, tailerrak eta ikuskizunak bilduko ditu. Aurten, tailerren eskaintza indartu da, eta TOKIren eskutik Euskal Herrian sortutako mahai- eta karta-jokoak ezagutzeko eta jolasteko aukera egongo da. Abenduaren 8an, gainera, Asun Casasola Elkarteak helduentzako tailer bat eskainiko du, haur literaturan inklusibitatea lantzeko. Ekitaldien artean ere zabalik egongo da gunea, Azokako nobedadeak eta aurreko urteetako argitalpenak lasai ezagutzeko.

  • Szenatokia: antzerkiaren eta arte eszenikoen topagunea izango da. Abenduaren 4an, ikasleentzako bi antzerki-inprobisazio saio egingo dira goizean. Hurrengo egunetan, hilaren 6tik 8ra, hiru konpainiak jardungo dute egunero, goizez eta arratsaldez bina emanaldi eskainiz. Egitarauak formatu eta diziplina askotariko lan laburrak, saritutako piezak eta estreinaldiak bilduko ditu. Szenatokian estreinatuko diren lanen artean daude Aldaketa Dantza Konpainiaren Kapsula 0.1, Maria Blancoren Maria, graziaz betea! eta Garrasi eta Eszenika Naz taldeen Rudolf eta Auskalo.

Beste zenbait ohar:

  • Abenduaren 4an hasiko da 61. Durangoko Azoka, Ikasle Goizaren eskutik. Egun horretan, ikasleei zuzendutako tailerrak eta jarduerak antolatuko dira Azokako hainbat gunetan. Hala ere, Landako Gunea eta gainerako espazioak bisitari guztientzat egongo dira zabalik.

  • Abenduaren 5ean ospatuko da Gazte Eztanda. Egitarauan gazteei zuzenduriko ekintza ugari txertatu dira, egun osoko plana egin ahal izan dezaten. Gainera, gauez ere kontzertuak egongo dira Plateruenan, Mikosis eta TOC taldeen eskutik. 

  • Azoka Telebistak magazinea ekoiztuko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahal izango da saioa: tokiko telebistetan, azokako webgunean, youtuben eta ETBn, hain zuzen.

  • Durangoko Azokak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatuko du aurten ere. Horretarako, puntu moreak jarriko dira eskura: Landako Guneko informazio-puntua eta txapa morea eramango duten guneetako antolatzaileak. Laguntza edo arreta behar duen edonork bertara jo ahal izango du.

  • Iazko ordutegi bera izango du azokak aurten ere: egunero 10:30ean irekiko ditu ateak eta 20:00etan itxiko ditu. Azken egunean, abenduaren 8an, ordea, 18:00etan zarratuko ditu ateak 61.edizioko azokak.

  • Bisitariei garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie, eta autoz etorriko badira, jakin dezatela abenduaren 5etik 8ra autobus zerbitzua ipiniko dela, Iurretako autopista irteerako parkinetatik Landakora.