Eroski eta Durangoko Azokak beste bost urterako berritu dute lankidetza-hitzarmena
Akordioaren bidez, euskal kulturaren eta euskararen sustapenarekin duten konpromisoa berretsi dute bi erakundeek.
Eroskik eta Durangoko Azokak lankidetza-hitzarmena berritu dute, datozen bost urteetan euskal kultura eta Azoka bera sustatzen jarraitzeko. Duela bost urte sinatutako akordioari jarraipena emango diote horrela, bi erakundeen arteko elkarlana sendotuz. Asun Bastidak, Eroskiko Talde Harreman Instituzional eta Komunikazio Korporatiboko zuzendariak adierazi duenez, “Euskal kulturaren etorkizuna eraikitzen laguntzea ere gure lurraldearekiko konpromisoaren parte dela uste dugu”.
Duela bost urte sinatutako hitzarmenaren bidez, Eroskik Durangoko Azokari, euskal kulturari eta euskarari babesa emateko konpromisoa berretsi zuen. Lankidetza horren baitan, Azokaren berri Eroskiren saltokietan zabaltzeko konpromisoa ere jaso da.
Gerediaga Elkarteko lehendakari Gotzon Gomezek eskerrak eman dizkio Eroskiri urte hauetan guztietan emandako babesagatik, eta nabarmendu du ezinbestekoa dela euskal kulturaren aldeko lanean bidelagunak izatea. “Eskertzekoa da Eroski bezalako bidelagunak izatea, euskal kulturak behar duen bultzada eta babesa jasotzeko”.
Bestalde, Asun Bastidak bi erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, eta euskal kultura eta euskara sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. “Gure inguruarekin, euskararekin eta euskal kulturarekin dugun konpromisoaren barruan ulertzen dugu lankidetza hau. Durangoko Azoka erreferente bat da, urte luzez euskal sorkuntza eta kultura sustatzen lagundu duen ekimena”.
Hitzarmen berriarekin, Eroskik eta Durangoko Azokak beste bost urtez jarraituko dute elkarlanean, euskal kulturaren zabalkundea sustatzeko eta Durangoko Azokaren oihartzuna handitzeko.