"baDA!bil" bideopodcasta bueltan da, euskal kulturgileak solasean jartzeko laugarren denboraldiarekin

EiTB Audiok eta Durangoko Azokak elkarlanean sortutako saioa gaur estreinatuko da GUAU eta PRIMERAN plataformetan. Hamabost sortzailek hartuko dute parte denboraldi honetan, eta atal berri bat argitaratuko da ostegunero.

"baDA!bil" bideopodcasta bueltan da, euskal kulturgileak solasean jartzeko laugarren denboraldiarekin

Musika, literatura eta sorkuntza izango dira, besteak beste, “baDA!bil” bideopodcastaren laugarren denboraldiko protagonistak. EITB Audiok eta Durangoko Azokak elkarlanean sortutako saioak euskal kulturgintzako hamabost sortzaile elkartuko ditu aurten, euren esperientziak, ideiak eta sorkuntza-prozesuak partekatzeko.

Denboraldi berria gaur, azaroaren 12an, estreinatuko da EITBren GUAU eta PRIMERAN plataformetan. Hortik aurrera, ostegunero atal berri bat argitaratuko da, eta Spotify, YouTube, iVoox eta Apple Podcasts plataformetan ere egongo da entzungai eta ikusgai.

Aurtengo denboraldiak berrikuntza bat dakar: atal bakoitzak bere gidaria izango du, landuko den gaiarekin duen loturagatik propio aukeratua. Ane Zubeldia, Miriam Luki, Kattalin Miner, Jon Basaguren eta Asier Kortabarria arituko dira solasaldiak gidatzen, bakoitza bere ikuspegitik.

Kantu baten atzean dagoena, lehen atalean

Nola sortzen da abesti bat? Zer dator lehenago, hitzak ala musika? Nondik sortzen dira kantatzeko ideiak? Galdera horien inguruan ariko dira lehen ataleko gonbidatuak, kantatzeko idaztearen arteaz hitz egiteko. Ane Garcia idazle eta musikariak gidatuko du solasaldia, eta Lumi taldeko Nahia Zubeldia, Gartxot Unsain musikaria eta Ana Arsuaga (Verde Prato) izango ditu alboan. Hiru sortzaile, hiru ibilbide eta musikaren eta hitzen arteko harremana ulertzeko hiru modu desberdin.

Azken atala, zuzenean Durangoko Azokan

Laugarren denboraldiak bost atal izango ditu. Lehen lauak ostegunero argitaratuko dira; bosgarrena, berriz, abenduaren 6an egingo da, 16:00etan, Durangoko Azokako Berbagailua gunean. Zuzeneko saio hori ondoren sarean ere ikusi eta entzun ahal izango da.

“baDA!bil” euskal kulturgileak elkartzeko eta haien arteko elkarrizketak publikoarekin partekatzeko sortutako gunea da. Sortzaileen ahotik ezagutuko ditugu haien lan egiteko moduak, bizipenak, zalantzak eta inspirazio-iturriak, Durangoko Azokaren izpiritua pantailara eta entzungailuetara eramanez.

EITB Audiok eta Durangoko Azokak elkarlanean sortutako bideopodcasta da “baDA!bil”, eta Hirudamatxo ekoiztetxeak ekoitzi du.