58. Durangoko Azokan erakusmahaia jartzeko inskripzioa hasi da

2023/09/04

58. Durangoko Azokan erakusmahaia jartzeko inskripzioa hasi da

Gero eta gutxiago falta da 58. Durangoko Azokarako. Abenduaren 6tik 10era garatuko da aurtengo edizioa, eta bertan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile nahiz autoekoizleek badute izena emateko aukera dagoeneko. 

Interesdunek webgune honetan bertan egin beharko dute inskripzioa, izen emateei eskainitako atal berezian. Irailaren 30era arteko epea izango dute horretarako.
 

Bost egunez, euskal kultura erdigunean

Erakusmahaien inskripzioa zabalduta, Durangoko Azokaren antolaketa martxan da. Sortzaileen eta kulturzaleen topaleku bilakatuko da bost egunez, euskal kultura erdigunean kokatuz. Sortzaileen lanak gertutik ezagutu, nobedadeak eskuratu, atzeragoko ekoizpenetan arakatu eta kultur giro bizi batez gozatzeko aukera izango dute Durangora etorriko direnek.

Abenduaren 6tik 10era, euskal kulturaren plazan ikusiko dugu elkar.