Irailaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira Durangoko Azokako Sormen Bekarako proposamenak

Aurtengo deialdia musika proiektu bati zuzenduta dago, eta 15.000 euroko dirulaguntza izango du

Irailaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira Durangoko Azokako Sormen Bekarako proposamenak

Durangoko Udalak eta Gerediaga Elkarteak abian jarritako Sormen Bekaren deialdia zabalik dago irailaren 21era arte. Aurtengo edizioan, musika proiektu bat sarituko da, eta irabazleak 15.000 euroko dirulaguntza jasoko du sorkuntza-prozesua garatu eta emaitza 2027ko Durangoko Azokan aurkezteko.

Beka sortzaile berriei zuzenduta dago, eta banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira proposamenak. Deialdiaren helburua euskarazko kultur sorkuntza sustatzea eta sortzaile berrien lana ezagutzera ematea da.

Aurkeztutako proposamenek jatorrizko sormen-lanak izan beharko dute, eta ez dira bertsioak edo adimen artifizialarekin sortutako lanak onartuko. Diziplina arteko proiektuak aurkeztu ahal izango dira, baina musikak izan beharko du pisu nagusia. Hitzak dituzten lanen kasuan, euskarazkoak izan beharko dute. Halaber, proposamenak sormen-lana eta haren emaitza nola plazaratuko den jaso beharko ditu.

Eskaerak irailaren 21era arte bidali ahal izango dira, gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Deialdiaren oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa Durangoko Azokaren webguneko Sormen Beka atalean daude eskuragarri.