Bilaketa aurreratua

Lost Files : Ultra Black Deluxe Edition Vinyl LP

Empty Files

Diskoetxea: Forbidden Colours

2021

Euskarria: Biniloa

Deskripzioa

 14 edo 15 urte dituzu. Zure logelan. Gauez, ohean, musika aurikularrez entzuten duzu. Zure unea da. Bakardadean, gelaren iluntasunak zure barnekoarekin bat egiten du, zeure beldur, emozio eta desira intimoenekin baita unibertso osoaren espazio infinituarekin ere. Une horietan entzuten dituzun diskoak zeuri eta soilik zeuri hitzegiteen dizutela iruditzen zaizu, zeure barnea ireki eta sekretu ezkutuenak azalarazteko gai izango balira bezala. Soinu horien sortzailea zeu zara irudikatzen dituzun mundu berri horietan. Disko hauek zure lagun izango dira betirako baina ez dituzu inoiz ere modu berdinean entzungo. Oroimena beti entzumena baino biziagoa izango da zugan. Zeure bertsioa da. Zeurea soilik.
 Empty Files esanetan, eskuartean duzun disko hau konfinamenduak gugan eragindako shock izugarri horren ondorio baino ez da. Hor sortu ziren bere oinarrizko ideia eta soinu guztiak. Muturreko egoera horretan, geure nerabezaroko logela ilun hartara bueltatu ginen denak, mundutik isolatuta berriz ere. Batzuetan babesean eroso, beste askoetan itota, kanpoko munduari aurre egin ahal izateko irrika bezain beldur handiaz. Geure barneari so egin genion berriz, geure nerabezaroko obsesio, aurkikuntza, ikara eta plazer berberei. 
 Txufo, Jose eta Imanol era horretan irudikatu nituen konfinamenduarena kontatu zidatenean. Izugarrizko bakardadera bultzatuak, ordurarte egindako ibilbide guztia ahaztu eta berriz ikastera behartuak. Bere disko ahaztuenak berriz ere entzun eta haiekin ametsean, bere barneko deabruei aurre eginez eta kideko arima batekin komunikatu ahal izateko modu baten bila. Disko sormen prozesu guziak ikasketa ariketak baldin badira, disko honek desikasketa eskatu du, haserako puntura bueltatu eta handik berriz eraikina hasi ahal izateko. Beraz, eta honelako obra berezi bat ezerekin alderatzerik ez dagoen arren, gogora ekartzen didan disko bat aipatu behar banu ziurrenik Massive Attack-en “Mezzanine” aipatuko nuke, edo agian, The Cure-n “Faith”. Konfinamenduko arratsalde eta gau bukaezin askoetako protagonista izan zirelakoan nago eta Empty Files-ko partaideen psikean aspalditik iltzatuta daudela esango nuke. Disko Itzel horien oihartzuna sumatzen dut “Lost Files” honetan, bai soinuaren izaeran baita, indar handiagoz gainera, ezerezera jauzi egin ahal izateko erakusten duten ausardian. Berak sortutako egitura eta heldulekuei uko eginez espazio berri baten barrena biluzik egiten duen talde batena, muinera iritsi ahal izan nahi duena, funtsezko galdera, zalantza eta ziurtasunetara, bertatik dena berriz asmatu ahal izateko. Empty Files taldea benetan gaur eta hemen jaio izan balitz bezala.
 “Lost Files” honek sortze-diskoen kutsua du. Ez hain kontziente eta guztiz senari emana. Zintzoago eta egiazkoagoa zentzu askoetan. Konplexu eta zorrik gabekoa. Beraiena eta soilik beraiena. Gerta ahala gerta eta zernahi esanda ere. Espresatzeko behar hutsak bultzatuta, helmen, ondorio edota sailkapenei jaramonik egin gabe
 Beltz sakoneko azala eta kontrazala, hitzak eta irudiak barnean, logelan itzaltzen den argi horren antzera, entzunaldi berri batera gonbidatzen gaitu. Entzun eta ikusi, benetan ikustera, errealitate honetaz haratago.

Urteko produktuak