Bilaketa aurreratua

Bitakora

McOnak

Diskoetxea: Mauka

2021

Euskarria: Cd

Deskripzioa

McOnak “Bitakora” 
Taldeak hamar urte bete ditu, eta data seinalatua ospatzeko Bitakora lanarekin ezusteko ederra eman digute. Itsasontziko iparrorratz kutxa hartu, bidea seinalatu eta hamar portu bisitatzeko aukera izan dugu. Ez edozelako portuak gainera; izan ere, horietako bakoitzeko piratarik ezagunenarekin batu eta garagardo bat hartu eta ahotsak apurtu arte abesteko aukera prestatu digute. Lekeitioko moilako taberna zaharretik abiatuta, Arrasateko badiako Udalatx azpiko kontrabandisten  taska edo eta Irungo kortsarioen tabernako Kokomero kapitain eta malko jaleen piratak bisitatzera eroan gaituzke.

Orain arteko McOnak-en diskoak ederrak izan direla ezin uka. Diskotik diskora goranzko joera izan dute eta oraingoan ere horrela gertatu da. Bai musikak eta bai letrek taberna bateko mahai inguru berora eraman izan naute beti. Izan Irlanda, izan Eskozia edo izan Karibeko kostaldeko edozein ostatu. Whisky batekin edo eta garagardo hotz-hotz batekin eztarria bustitzeko gogoa sartu izan zait une oro eta Josebaren ahots urratuak galdutako itsasoetatik ibiltzeko grina piztu izan dit. Ezin uka hori. Eta zorionez edo zoritxarrez gauza bera gertatu zait oraingoan ere.

10 urte. 10 abesti eta ez dakit zenbat kolaborazio. McOnak-eko artisten bizitzako BSO-aren parte diren eta izan diren abeslariekin ondutako disko borobil-borobila da Bitakora (Mauka musikagintza, 2021). Musika aldetik, eta nahiz eta formazioan aldaketatxoak izan, folk, rock, punk eta zeltiar tradizioari ez diote muzin egin. Doinu alai eta itsaskorrek harrapatu gaituzte beste behin eta olatu bat bezala barreiatu gaituzte. Aurreko batean Euskal planeta musikaleko Bizardunak, Deiedra eta Fiachrasekin konparatu nituen. Baita Dropkick Murphys eta The Real Mckenzies taldeekin ere. Baina McOnak hori eta gehiago da. McOnak McOnak da eta puntu. Ez dago zertan inorekin alderatu.

Gurean mitiko diren Fermin Muguruza (Kontrolatzen abestian), Sorotan Beleko Gorka Sarriegi (Ez eman hautatzeko abestian) eta Des-kontrol edo Arkada Socialeko Hodei (Politikoki zuzenaren diktadura abestian) batu zaizkie, besteak beste Bitakoran. Egun Euskal Herriko panorama musikaleko ahots indartsuenetako bi ere disko berriko parte dira: Liher taldeko Lide Hernando (Bitakoraren azken orria abestian) eta Kaleko Urdangak taldeko Remen (Inplosio kantua abestian). Horretaz aparte, ezin aipatu gabe utzi Dead Bronco taldeko Matt Horan floridarra (Nora ez abestian), Kataluniako The Capaces taldeko Martillo (Balearen bertsoak abestian), Svetlanas talde italiarreko Olga (Tronutik abestian) edo Blood or whisky talde irlandarreko Dugs (Balazta gabe abestian). Ez dakit nork egin duen lan hauek guztiak diskoan parte hartzeko, baina egin duenari zorionak eta eskerrik asko.

Musikaz haratago, lan berriko testuak ere primerakoak dira. Xabat Galletebeitiak Nora ez abestiko letra idatzi du eta Kirmen Uribe olerki batean oinarritu dute Ez eman hautatzeko abestia. Azken abesti horretan Arkaitz Minerrek mandolina sartu du. Gainontzeko zortziak taldeak berak idatzi ditu. Sekulakoak. Adi-adi entzuteko modukoak. Bizitza, itsasoko istorioak, folklorea eta aldarrikapenak bikain uztartu dituzte. Ezker eskuin guztioi eman digute egurra eta sarri arrazoi osoz: “Plastikozko kontinenteak flotatzen ditut ikusi/ anai-arrebak itotzen eta guri bost axola”, “Auzokideak kontrolatzen nau/ noiz esnatuko zara”, “Balazta gabe/ bizitza ederragoa da”, “Edan daigun bizitza epeldu baino lehen/ eta ez ahaztu nondik gatozen”, “Beti ez daukazunaren zain/ daukazunean ez duzu nahi”, “Txakurrari bosgarren hanka bilatzeko hau bai dela gogoa/ arerioa etxean topatzeko dena multzokatu beharra”, “Mozkortuko naiz beste behin/ bakardadea itotzeko”, “Ahotsa emateko/ gure bozgorailuak isildu bitez” edo “Itsasoan galduko nintzateke eta lehorrean ito”. MARABILLI.

Eskatzen hasita, eta nahiz eta ia ezinezkoa izan diskoko kolaboratzaile guzti-guztiak zuzeneko batean ikusteko gogoarekin geratzen naiz. Ezin daiteke ezer egin? Hiru whisky botila erosi ditut. Garagardoa zuen kontu, ezta?
Txomin L. Aramaio

Urteko produktuak