Aurten lehenengo aldiz Mikropieza Jaialdia antolatuko du Szenatokiak: 10 konpainia, 30 emanaldi eta sorpresaz jositako egitaraua.

Arte eszenikoak gustuko dituzu? Antzerkiaz eta dantzaz gozatu gura duzu? Bada, ez galdu Szenatokia guneak aurtengo Azokarako prestatu duen eskaintza oparoa!

Durangoko Azokako 54. edizioa abenduaren 5etik 8ra arte antolatuko da, eta kulturaren plazako lantaldea buru-belarri ari da aurtengo egitaraua eta nobedade nagusiak prestatzen.

Szenatokia guneak, berbarako, prest du jada aurtengo eskaintza. Lau egunez, arte eszenikoak San Agustin Kulturguneko protagonista izango dira. Egitarauak osagai nagusi bi izango ditu; Kukai dantza taldearen Erritu lana alde batetik, eta, bestetik, bi eguneko iraupena izango duen Mikropieza Jaialdia.

Kukairen ikuskizuna abenduaren 6an izango da, hau da, Azokaren bigarren egunean. 19:00etatik aurrera, Erritu lan ikusgarria izango dugu ikusgai. Jon Mayak gidatutako taldearen arabera, euren azken obra hau "bizi-bidaia bat da, bizitzako etapak zeharkatzen dituen erritua, naturarekin eta komunitatearekin loturik. Etapa horiek jaiotzetik kaoseraino doaz, bakardadearen basamortuan barrena, harik eta topaketara, maitasunera eta, azkenik, heriotzera iritsi arte".

Sarrerak 10 euroan eskura daitezke San Agustin Kulturgunean (7'5 euro bazkideentzat). Jon Mayak gidatzen duen taldeak ibilbide luzea du, eta azken urteetan hainbat sari eskuratu ditu: besteak beste, Max Saria ikuskizun onenarentzat, 2017. urtean.

Larunbat eta igandean, abenduaren 7an eta 8an hain zuzen ere, oso ekimen berezia ospatuko da Szenatokian. Lehenengo aldiz Mikropieza Jaialdia antolatuko da, Euskal Herriko 10 konpainiaren eskutik. Bi egunetan, 30 emanaldi baino gehiago egingo dituzte (talde bakoitzak bizpahiru emanaldi egingo ditu ordutegi ezberdinetan), San Agustin Kulturguneko hainbat espaziotan. Eszenatokian egiteaz gain, horren ohikoak ez diren espazioetan ere emanaldiak egingo dituzte: bulegoetan, sarreran, ganbaran... Ekimen bitxia eta sorpresaz jositakoa izango da, beraz.

Izenak esaten duen bezala, Mikropieza Jaialdia antzerki arinek edo dantza pieza txikiek osatuko dute. Besteak beste, honako taldeek parte hartuko dute: Gilkitxaro, Cia Paganini, Haatik, Abarka, Goitibera eta abar. Goizeko 11:00etan hasita, egun osoan zehar pieza bakoitza birritan edo hirutan ikusteko aukera egongo da. Ikusleak aukeratu beharko du zein ordutan ikusi gura duen obra bakoitza, eta bere egitarau propioa osatu. Sarrera, gainera, debalde izango da. Animatu eta egizu zure plana!

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn