- Durangoko Azokako zazpi guneak bor-bor egongo dira hirugarren egunean: Wikipedia Eguna, "Oreina" filmean oinarritutako hiru laburmetrai, Asisko Urmeneta, Garbiñe Ubeda, Iker Lauroba, Errementari, Modus Operandi...

Durangoko Azokako 53. edizioa hirugarren egunera helduko da gaur abenduak 7. Landako Gunea leporaino egon da, eta Azokako zazpi guneetan etengabea izan da bisitarien joan-etorria. Gainera, eguraldia lagun, Landako plaza eta ingurua ere bisitariz josita egon da.

Gaur goizeko 11:00etan hasiko dira musika-taldeak Ahotseneako eszenatokira igotzen. Besteak beste, honako talde eta musikariek parte hartuko dute: Iker Lauroba, Hezurbeltzak, Maddi, Ertzak, Hibai, Nerabe... Solasaldien gunean ere hainbat idazle ezagun elkartuko dira, euren nobedadeak aurkezteko: Pako Aristi, Oier Guillan, Asisko Urmeneta, Garbiñe Ubeda...

Irudienean hainbat proiektu ezagun proiektatuko dituzte. Goizeko 12:30ean "Errementari" eskainiko dute, Paul Urkijo zuzendariaren parte-hartzearekin. 18:00etan "Oreina" filmean oinarritutako hiru laburmetrai estreinatuko dira, eta film laburren zuzendariek parte hartuko dute: Maria Elorza, Aitor Gametxo eta Iñigo Salaberria. Ordubete beranduago, "Aralar, mundua leku den lurra" dokumentala proiektatuko da. Lana aurkezteko Ibon Toledo, Garazi Auzmendi Ion Fontenla eta Aloña Jauregi egongo dira.

Areto Nagusian Gogoetaren Plazako bigarren saioa ospatuko da. 12:30ean solasaldia egongo da Sustrai Colina eta Garbiñe Ubedaren artean, Nekane Zinkunegik gidatuta. Arratsaldean, "sormena eta gurasotasuna" landuko da, Dani Fano, Birkit, Katixa Agirre eta Lander Garroren eskutik, Josu Goikok gidatuta. Horrez gain, beste mahainguru batzuez gozatzeko aukera izango dugu; Euskadi Literatura Sariak, "Itzulpengintza, hizkuntza txikien arteko zubi" (Esloveniatik etorritako bi idazleren partehartzearekin) eta abar.

Kabi@n Wikipedia Eguna antolatu dute gaurko. 11:00etan Txikipedia izango dute hizpide (Txikipedia egitasmo berriaren nondik norakoak eta oinarrizko edizio-ikastaroa). Saguganbaran egun osoan egongo da zer ikusi eta zertaz gozatu. Hamar jarduera egongo dira goizeko 11:00etatik 20:00ak arte: liburuen aurkezpenak, ikuskizunak, ipuin kontaketak... Ikuskizunik jendetsuena goizeko 12:00etan izango da, Ene Kantak taldearen "Satorjator dantzan" ikuskizunagaz.

Szenatokian, eguneko ikuskizuna dantzarekin lotuta egongo da. Larrua Proiektuak "Baserri" lana aurkeztuko du 19:00etan (sarrerak salgai zortzi euroan). Dantza garaikideko pieza honek baserriaz eta bertan bizi den familiaz gogoeta egiten du.

Azkenik, egunero bezala, egitaraua Plateruenan amaituko da. 23:00etan Modus Operandi taldeak joko du, "Zatoz gugaz" lana aurkeztera (zortzi euro webgunean, 12 euro txarteldegian).

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn