- Lau egunez Azoka leporaino egon ostean, azken egunera helduko da gaur Sormenaren Lurraldea, proposamen interesgarri ugarirekin.

- Ateak 19:55ean itxiko dira, Dantzerti eskolako dantzarien eskutik, "19:55 desafioa" ikuskizunaren bidez.

Durangoko Azokako 52. edizioa bere azken egunera helduko da gaur, abenduak 10. Lau egunez, jendez gainezka egongo da sormenaren lurraldea, gorabeherarik gabe.

Azken egunean ere egongo da zer ikusi, zertaz gozatu eta zertan parte hartu. Areto Nagusian Gogoetaren Plazaren hirugarren eta azken saioa ospatuko da. 12:30ean Miren Gaztañaga antzezlea eta Zaldieroa komikilaria egongo dira, Oier Guillanek gidatuta. Arrastiko solasaldian, gaia "teen kultura" izango da, eta partehartzaileak, honakoak: Ainhoa Aierbe (Goazen!), Iurdana Arcacuso (Azkue Fundazioa), Ziortza Onaindia (Galtzagorri) eta Josune Arakistain (Huntza), Zuriñe Maguregik gidatuta.

Kabi@n jarduera bakarra egongo da gaur, 11:00etan, "Emakumeak teknologian" solasaldiagaz. Saguganbarak goizez izango du egitaraua, egunero bezala, haur eta familientzako jarduerekin: antzerkia, ipuin kontaketak, aurkezpenak...

Ahotseneak ez du hutsik egingo eta goiz zein arratsaldez egongo dira kontzertu eta solasaldiak. Zuzenekoen karpan, besteak beste, La Basu, Hiri Galduak, Huts, Xabi San Sebastian... Solasaldien gunean, Mikel Urdangarin, Asier Serrano, Aingeru Epaltza...

Irudienean hainbat proiektu interesgarri aurkeztuko dituzte. 13:15ean "Nomofobikak" websailaren 6. atalaren estreinaldia aurkeztuko da, aktoreekin batera. 19:00etan, Rally Topa lehiaketa aurkeztuko da.

Plateruenan, jarduera bi egongo dira gaur, biak debalde. 13:00etan Zeze musikariaren kontzertua egongo da, eta 20:00etan Jabier Muguruzak Leiho bat zabalik diskoa aurkeztuko du. Hori izango da Azokak antolatuko duen azken ekitaldia.

Lehenago, Landakoko ate itxiera irudikatzeko, Dantzerti eskolako Elene Carreto eta Beñat Urrutia dantzariek Landakoko ateak itxiko dituzte, "19:55 desafioa" ikuskizunaren bidez. Hitzordua 19:55ean izango da, Azoka Telebistaren platoaren alboan dagoen atean.

Horrez gain, Durangon ere bestelako ekimenak egongo dira gaur. Adibidez, Joseba Jaka Herri Lasterketaren XV. edizioa ospatuko da, Ezkurdi plazatik abiatuta. 11:45ean hasiko da nagusien lasterketa.

Azken egun honetan ere debaldeko autobus zerbitzuak martxan jarraituko du Arriaundi industriagunetik (Iurreta) Landakoraino. Ibilbidea ikusteko: https://labur.eus/DAautobusarenibilbidea

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn