- Gaur Gogoetaren Plazaren bigarren saioa ospatuko da. Goizean Izaro eta Mixel Ducau egongo dira berbetan, eta arratsaldeko saioan 'sarerako sortzen' izango da gai nagusia.

- Mikroantzerki maratoian ordu laurdeneko antzezlan zatiez gozatzeko aukera izango dugu, goiz eta arratsaldez, Szenatokia gunean.

Euriari aurre eginez, milaka kulturzale elkartu ziren atzo Azokako hirugarren egunean. Goizean goizetik Landako bisitariz josita egon zen, eta gaur ere, larunbata, azokazale ugari jasotzea espero dugu.

Gaur 52. edizioaren atzera kontua hasiko DA. Durangora gerturatzen diren lagunek egitarau potoloa izango dute sormenaren lurraldeaz gozatzeko. Ahotseneako karpan, esate baterako, indartsu hasiko dugu musika-maratoia, Berri Txarrak taldearen kontzertuarekin. Hirukote nafarraren ostean talde ugari arituko dira Ahotseneako eszenatoki bietan: Bi bala, Anita Parker, Zazkel, Balerdi Balerdi... Solasaldien kasuan, izen ezagunak ere ez ditugu faltan izango: Jasone Osoro, Uxue Alberdi, Jakoba Errekondo, Keu Agirretxea, Patxi Zubizarreta... Martin Bidaur gazteak ere bere poesia-liburuaren aurkezpena egingo du, 17:00etan.

Areto Nagusian Gogoetaren Plazaren bigarren saioa izango da. Goizean musikari bi izango ditugu aurrez aurre berbetan: Mixel Ducau eta Izaro. Arratsaldeko saioan, "sarerako sortzen" izango da landuko duten gaia: Lander Arretxea (Hiru Damatxo), Mikel Irizar (Gipuzkoako Foru Aldundia), Aiora Probatxoa (youtuberra) eta Gorpuzkingz (musika taldea), Iñaki Larrañagak gidatuta.

Kabi@n hainbat proposamen interesgarri. 11:40ean Mitologik euskal mitologiaren museo didaktikoaren aurkezpena izango da, eta 16:30ean Marrazkeraz marrazkilari euskaldunon topagunea antolatu dute. Goizean marrazkiak egiten ibiliko dira azokako gune ezberdinetatik eta arratsaldeko hitzorduan irudiak sareratuko dituzte.

Saguganbaran, egunero bezala, txiki eta handientzako proposamenak antolatu dituzte. Goizean aurkezpenak egongo dira ("Errekak oiloari" eta "Haizeak hitz, hitzak haize") eta "Astonauta Tronpeta Flauta Dantzan" ikuskizuna. Arratsaldean ipuin kontaketen txanda helduko da, 15:30etik 19:30ak arte: "Udazkeneko jolasak", "Oilar txikia" eta "1, 2, 3... hemen da Miru!". Areto txikian tailerra egongo da Elkarren eskutik.

Mikroantzerkia gustoko dutenek ezinbesteko hitzordua izango dute bihar Szenatokian. Goiz eta arratsaldez, ordu laurdeneko antzezlan zatiak egongo dira: "Ganba alaia" (Olatz Beobide eta Isidoro Fernandez), "Minus ukittua" (Telmo Irureta), "Sarean kateatuak" (Nomofobikak) eta "Takoidun zapata gorria" (Piszifaktoriaren eskutik). Sarrera debalde.

Irudieneako kasuan, ikus-entzunezko lan ezberdinak ikusi ahal izango dira: dokumentalak, film luzeak, telesailak, umeentzako lanak, film laburrak... Besteak beste, 13:00etan "Merli" telesailaren estreinaldia izango da EITBren eskutik, eta 18:30ean "Joseba Sarrionaindia. Hemen eta han" dokumentala proiektatuko da.

Egunero bezala, sormenaren lurraldeak Plateruenan itxiko du bere egitaraua. 22:30ean Glaukoma talde igoko da oholtzara, Kalima diskoa aurkeztera. Sarrera guztiak agortu dira.

Laugarren egunean ere debaldeko autobus zerbitzuak martxan jarraituko du Arriaundi industriagunetik (Iurreta) Landakoraino. Ibilbidea ikusteko: https://labur.eus/DAautobusarenibilbidea

Gaur goizeko argazkiak deskargatzeko: https://www.flickr.com/photos/durangokoazoka

Egitarau gaurkotua eta sinaduren ordutegia ikusteko: www.durangokoazoka.eus.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn