Aurten Argizaiola saria William A. Douglass antropologoak (Reno, 1939) hartuko du. Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko euskal inmigrazioaren aditurik garrantzitsuenetarikoa da Douglass. Renoko Basque Studies Program-aren sortzailea izan zen, eta hiru hamarkadaz hango zuzendari jardun zuen, 2000. urtean erretiroa hartu zuen arte.

Ikerlari gisa aritu da bereziki, eta AEBetan euskal kulturaren aditu nagusitzat jotzeaz gain, bestelako arloak ere ikertu ditu: identitatearen mantentzearen auzia, edota nazioarteko hainbat kulturen historia eta migrazio mugimenduak, batez ere Euskal Herrian, Italian eta Ameriketako Estatu Batuetan.

Madrileko Complutense unibertsitatean Gaztelera eta espainiar literaturako ikasketak egin ondoren, Euskal Herrira bizitzera etorri zen 1963an emazte eta semearekin (Etxalarrera lehenengo, eta ondoren Aulestira) bertatik bertarako ikerketa lanak egiteko. Baserritarrekin hartu-emanean izan zen, eta Julio Caro Baroja, Xabier Amuriza eta Emilio Kortabitarte erretorearen adiskide bihurtu zen, besteak beste. 1967an gizarte antropologiako doktoretza lortu zuen Chicagoko unibertsitatean.

20 liburu baino gehiago argitaratu ditu, eta 100 artikulu inguru. Death in Murelaga (1969), Amerikanuak, Basques in the New World (1979, Jon Bilbaorekin elkarlanean), Etxalar and Murelaga: opportunity and rural depopulation in two Spanish Basque Village (1977), Beltran: Basque Sheepmann of the American West (1979), Azucar amargo. Vida y fortuna de los cortadores de caña italianos y vascos en la Australia tropical (1966), Terror and Taboo. The Follies, Fables and Faces of Terrorism (1966, Joseba Zulaikarekin elkarlanean), Global Vasconia: Essays on the Basque Diaspora (2007), Basque Culture: Anthropological Perspectives (2007) edota Terrorista nire baitan (2011).

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn